Istorioa ezagutzeko, asteroko merkatu hori duela hemezortzi hilabete abiatu zen Izturitzeko etxalde bateko korralean, baratzezain baten, tokiko zereal biologikoekin lan egiten duen okin baten eta ardi esne biologikoarekin eginiko bi jogurt ekoizleren inguruan. Biziki fite Izturitze herri barneko Artetxea elkartearen egoitzara lekualdatzea deliberatu zuten, honek denen bistan den korralea haien esku uzten baitu eta neguan aterpea ematen baitie. Emeki egun bukaerako hitzordu hori elkartzeko tokia bilakatu da.
Merkatuak hurbiltasunaren karta baliatzen du. Geroztik, Arberoa ibarreko beste ekoizle batzuek zirkulua handitu eta ekoizpen fresko sorta zabala proposatzen dute ostiral guziez, 18:00etatik 19:30era:
AMAIA eta URKO: ogia eta bixkotxak (Izturitze)
UHARTIA: barazkiak (Izturitze)
ALDAMENIA: barazkiak, lekadunak (Izturitze)
ZABALTZA: ardi gasna eta ardi esnezko jogurtak (Donamartiri)
EZPONDA: behi gasna eta esneki desertak (Donoztiri)
NINA eta XALBAT: Eztia (Donoztiri)
ANSOBIETA - Oilaskoak (Arruta-Sarrikota)
Beste ekoizle batuk noiztenka heldu dira, bereziki usaian hilabeteko lehen ostiralez izan ohi diren animazio egunetan edo sasoiaren arabera:
SASIKO – Garagarnoa (Aiherra)
DOHATSU – Saldak (Izturitze)
IXURIBEHEREA – ahuntz gasna, jaki egina-presta eta sagar jusa (Aiherra)
XEDARRIA – ardi gasna, txarkuteria, ekilore olioa eta axoa (Aiherra)
BETIRISASTEA – ardi gasna eta txarkuteria (Aiherra)
ALIX – olio eta gatza aromatizatuak (Donoztiri)
ETXEXURIA – yuzu, kiwiak (Izturitze)
L’ATHANOR – Buztingintza (Donamartiri)
Tokiko elkarte batzuek erregularki animazio kulturalak eta sukaldaritzakoak proposatzen dituzte merkatuaren inguruan: merkatuaren urtebetetze besta (ekainean), Artetxearen besta (agorrila hondarrean), Gau Beltza (urrian), Eguberriko Merkatua (abenduan), antzerkia, kontzertuak, hitzaldiak... Gaualdi horietan jan edan eskaintza izaten da (ekoizpenen dastaketa, pintxoak, taloak, partekatzeko platerak...) Merkatu hori lagun arteko giro ederrean iragaten segitzen du, tokiko jende fidelari esker.